Mendiko Kulturaren ikus-entzunezko sustapena helburu duten proiektu zinematografikoak sortzera bideratua dagoen Mendi Film Bizkaia Ternua Beka nazioartera begira zabaldu da, Mendi Film, Ternua eta Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Sailaren eskutik.

Halaber, Bekak tokiko izaerarik ez du galdu, besteren artean, bertako egiletza, gaiak edo agertokiak lantzeko proiektuek balio gaineratu bat izan dezaketelako epaimahaiaren balorazioetan. 

10.000 euroko diru-laguntza eta Itziar García Zubiri ekoizle sortzaileak gidatutako aholkularitza programa eskaintzen ditu bekak. Eta urtebeteko lanketa denboraren ostean, proiektuaren emaitza izango den pelikula BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia zinemaldian estreinatzeko aukera ematen du. Bekaren 7. deialdia da orain martxan dagoena, 2026ko irailaren 30a da proiektuak aurkezteko epemuga.

 

Beka jasotako pelikulak

Beka jasotako bost pelikula estreinatu dira jada Mendi Filmen:

2021: TXANGO Zuzendaria: Tamara Lucarini, Bizkaia. Bilbotik Pagasarrira lau neskek, jatorri desberdinetakoak, egindako txangoa.

2022: LOBOS Zuzendaria: Marina García Andreu, Katalunia. Otsoaren presentziak Asturiasko landa giroko herrixketan sortzen duen egonezina eta sineskeriak ditu ardatz.

2023: OINEZ Zuzendaria: Leire Egaña, Gipuzkoa. Mendizaletasuna, eta bereziki, xenda zaletasuna, erritmo sosegatuan ulertzeko era baten aldarria.

2024: PELIGRO. NO ASOMARSE. Zuzendaria: Dani Cascales, Andaluzia. Nerbioiko ur-jauzi gainean highline lerro bat, ordura arte Euskal Herrian burututako luzeena.

2025: SUSTRAIAK. RAÍCES PERDIDAS. Zuzendaria: Luis Arrieta, Nafarroa. Nerabe zirela, beren herrialde afrikarretatik laguntzarik gabe Nafarroara iritsi ziren etorkinen istorioa da. Abegi egin dien komunitateari esker, eskalada eta mendia aurkitu dituzte, aske sentitzeko eremuak.

Mendi Filmen estreinatu eta lau haizetara zabaldu dira pelikula hauek. Hemen testigantza batzuk:

 

Marina G. Andreu: ‘Lobos’ eta ‘Los últimos guardianes de Shangri-La’

‘Lobos’, nazioarteko 26 jaialditan hautatu dute eta 10 sari irabazi ditu. Garrantzitsuenetako bat Shenzheneko (Txina) SmallRig Film Jaialdiko lehen saria izan da. “Jaialdi horretan, gainera, nire hurrengo dokumentalaren protagonista bihurtu dena ezagutu nuen, jaialdiko gonbidatu berezietako bat zen, eta hark kontatutako gauzei tiraka idea berriak sortu ziren”, azpimarratzen du Marina García Andreuk, bidaia eta esperientzia horien kasualitate eta kausalitateak batuz. ‘Los últimos guardianes de Shangri-La’ da haren ikus-entzunezko proiektu berri hori, eta Mendi Film Bizkaia Ternua Beka jaso du harekin ere, beraz Mendi Filmen parte hartuko du berriro pelikula abenduan estreinatuz.

“Beka berri hau funtsezko laguntza izan da. Proiektuak ez zuen inolako finantzaketarik, SmallRig-ek filmaketa ekipamenduarekin eta bidaia-gastu batzuekin emandako laguntzaz gain. Bekari esker, postprodukzioa profesionalki kudeatu ahal izango dugu, edizioan, soinu-diseinuan, koloreen kalifikazioan, soinu-bandan, transkripzioetan, itzulpenetan eta azpitituluetan inbertituz”, dio.

Beka lehendabiziko aldiz ‘Lobos’-ekin jaso zuen, eta 2022an estreinatu zuen. “Ahalik eta proiekturik onena egin nahi nuen, eta gaiak eta egungo mendiko gatazka kontuan hartuta, Mendi Film Bekarekin ondo egokitzen ginela iruditu zitzaidan. Pelikula batekin ilusioz zaudenean, dena ematen saiatzen zara aurrera atera dadin”, kontatzen du Marinak.

Eta hala jaso zuen bere lehendabiziko Mendi Film Bizkaia Ternua Beka. “Eman zidatela jakinarazi zidatenean, filmaketa amaitzen ari ginen, astebetekoa eta oso mugatua. 10.000 euroko bekari esker, bigarren filmaketa bat egin ahal izan genuen dokumentalerako ezinbestekoak izan ziren sekuentziak eta planoak osatzeko. Diru-laguntzari esker banatzaile bat kontratatu ahal izan genuen, eta asko lagundu zigun film laburra jaialdietan erakusteko orduan”.

Itziar Garcia Zubiriren aholkularitza jaso zuen lehen aldia izan zen: “Unibertsitatean, elkarrizketetan oinarritutako dokumental bat egitera animatu ninduten, baina Itziarrek berehala ulertu zuen zer nolako proiektua egin nahi nuen eta zer behar nuen benetan. Konfiantza handia eta ikuspegi oso argia eman zizkidan norabide askoz hurbilago batean lan egiteko”, dio.

Mendi Filmeko estreinaldia “esperientzia zoragarria” izan zen Marinarentzat. “Aner Etxebarriaren ‘Joy’ bezalako proiektuekin partekatu nuen saioa, beste dokumental bikain batzuen artean. Jaialdiak berotasun eta adeitasun handiz tratatu gintuen: logistika guztiaz arduratu ziren eta hasieratik oso babestuta sentiarazi gintuzten. Jaialdi ederra izateaz gain, jendeaz eta pelikulez benetan arduratzen zirela sentitu nuen”.

Dani Cascales: ‘Peligro. No asomarse’

‘Peligro. No Asomarse’ pelikula 2024an estreinatu zen Mendi Filmen. Geroztik, Frantzian (Les Icares du Cinema) eta Italian (Castellamare di Stabiako Sport Film Festival) saritua izan da, Estatu Batuetan Anchor Point Film Tour bira burutu du (Boulder, Los Angeles, Salt Lake City eta Royal Gorgen proiektatuz), eta Hego-Koreako Uljuko jaialdian erakutsiko da.

Dani Cascales zuzendariak Oreka Tolosa taldeko Mario Hidalgoren bidez jakin zuen Mendi Film Bizkaia Ternua Bekaren berri. “Mariok bere egitasmoa erakutsi zidan, Nerbioiko high-line muntaia itzel hura, eta  proiektuarekin bat egin nuen istorioa kontatzeko. Bekarena etorri zenean, dokumental proiektua oraindik berde zegoen, eta bultzada ederra izan zen”, gogoratzen du. “Beka gabe, dokumentalak ez zuen hartu duen gorputza izango, eta izan genituen baldintzak gabe ez ginatekeen gai izango hura aurrera ateratzeko”.

Itziar Garcia Zubiriren ekarpena goratu du: “Itziarrek berretsi eta sendotu egin zidan proiektu handi bati ekiteko nire nahia. Gauza askotan lagundu zidan, musikarako prestatu behar nituen kontratuen xehetasun oso zehatzak argitzetik hasi eta azken muntaketa fintzeko edizio saioetaraino”.

Bekaren diru-laguntzaren garrantziaz, hala dio: “Magia izan zen: sortzeko askatasuna eman zigun. Hari esker, benetako ekoizpen-talde bat biltzeko aukera izan genuen bai filmaketa-fasean, bai postprodukzioan”.

Behin estreinatuta, 2025eko Mendi Tour zirkuituaz batera, hainbat jaialditan hautatua izan da pelikula. Ikusgarritasuna, “Mendi Filmen etengabeko babesari esker” lortu zutela dio Danik. “Keinu askok bultzatu gintuzten aurrera: prentsaurrekoak, ezagutu genuen jendea, banaketaren laguntza... Gure lana ezagutzera eman zen, eta hala, proiekzio ugari egin genituen 2025ean, high-line jarduerak arreta deituta kirol gaiei buruzko zinema jaialdi askotan egon ginen”.

Luis Arrieta: ‘Sustraiak. Raíces perdidas’

‘Sustraiak. Raíces perdidas” pelikula Mendi Filmen estreinatu izana “zoragarria” izan zela dion beste bat, Luis Arrieta da. “Erakusleihorik onena da. Istorioen maila igotzen du. Eta ate asko ireki dizkigu”, dio lanbidez ingeniaria den zinegileak. Kultura eta Natura film onenaren saria irabazi zuen, gainera, Mendi Filmen. Geroztik, ibilbide oparoa izan du: zinema komertzialean estreinatu da, Bilbo eta Iruñeako Golemetan; Trentoko jaialdi entzutetsuan CAI - Italiako Alpine Club zinemategiak ematen duen Mario Bello saria jaso du; Hego-Koreako Ulju jaialdian nahiz Europako beste hainbat jaialditan ere hautatua izan da; eta Euskal Herrian nahiz harago, 30 emanalditik gora egin dituzte.

Etorkin nerabe afrikarrei buruzko proiektuarekin Beka jaso izana, “bultzada itzela” izan zela kontatzen du.  “Nik buruan neukan hura gauzatu zitekeenaren ziurtasuna eman zidan: ikus-entzunezkoen munduan jakintsua eta prestatua den epaimahaiak pelikula bat bazegoela sinetsi zuela jakiteak, nire motibazioa sendotu zuen”, dio. Eta gaineratzen du: “Azkenean, horrelako film luzeen proiektu batean sartzen zarenean, badira perspektiba galtzen duzun uneak eta ez dakizu funtzionatuko duen, edo imajinatu duzun guztia jendearentzat hain erakargarria izango ote den. Bekako pitching-a, filmatzen ari nintzena erakusten nuen lehen aldietako bat izan zen, eta transmititzen zuela eta emozioa sortzen zuela ikusteak konfiantza eta energia handia eman zidan aurrera jarraitzeko. Beka jasotzea moralki bultzada handia izan zen niretzat”.

10.000 euroko dirulaguntza ere aintzatetsi du: “Gurearen moduko proiektu batean, 30.000 euro inguruko aurrekontuarekin, ekarpen oso garrantzitsua da. Eta zenbateko ekonomikoaz harago, beste hautagaien maila altua ikusita, zure pelikulak ‘zerbait’ baduela aitortu eta zu hautatu izanak segurtasun eta energia sentsazioa ematen dizu, zure proiektuarekin jarraitzera animatzen zaituena”. Azpimarratzekoa izan zen, bai, deialdi hartako hautagaien maila: Luis Arrietarekin batera, Aner Etxebarria ‘Abata’ proiektuarekin, Igor Bellido ‘Anboto bertikala’-rekin, eta Mar Gonzalez Ruiz de Larramendi ‘Egun izoztuak’ proiektuarekin izan ziren finalistak.

‘Sustraiak. Raíces perdidas’-en garapenean, Itziar Garcia Zubiriren aholkularitzaren pisua nabarmentzen du Luisek: “Edizio fasean, oso galduta sentitzen nintzenean, berarekin izan nituen bideo-deiek asko lagundu zidaten. Hartu nezakeen erabaki bakoitzari behar baino pisu gehiago ez jartzen erakutsi zidan, erabaki bakar batek ez zuelako pelikula ez hondatuko, ez eta izugarri ona bihurtuko ere. Beti izaten ditut borrokak edizio fasearekin; obsesionatu egiten nau, erabaki asko hartu behar dituzulako, eta beti pentsatzen duzulako pelikula hondatu dezakezula edizio gelan hartzen dituzun aukerekin. Itziarrek ikusmira zabala du ekoizpen fase guztiei buruz, eta presiorik gabe erabakiak hartzen lagundu zidan. Pelikula nora eraman genezakeen erabakitzeko eman zizkigun aholkuak ere oso lagungarriak izan ziren. Edizioaren hasierako bertsio batzuk berrikusi zituen, eta zer ez zuen ulertzen edo zeri buruzko informazioa faltan botatzen zuen esan zigun. Azken finean, pelikulan murgilduta zaudenean eta informazio asko duzunean, gauza asko berezkotzat ematen dituzu, baina berria den norbaitek aurretiko ezagutzarik gabe heltzen dionean, orduan hasten zara gidoiaren hutsuneak ikusten. Itziar izan zen alde horretatik erreferentziazko pertsona, eta oso lagungarria izan zen guretzat”.

Horrez batera, Mendi Filmek duen erakusleiho indarra ere balioan jartzen du Luisek: “Konbentzituta nago gure pelikulak Mendi Filmen hainbesteko arrakasta izan ez balu, nazioarteko mendiko zinema jaialdietan eragin askoz mugatuagoa izango zuela, beraz, alderdi hori funtsezkoa da guretzat. Gainera, nafar zinemagile gisa, Mendi Filmek eskaintzen duen hedabideetako oihartzuna esanguratsua da, elkarrizketek eta erreportajeek proiektuan interesa pizten dute, eta horrek mendiko klubetan edo kultur zentroetan proiekzio asko egitea dakar. Ikusgarritasun hori gabe, Mendi Film, EiTB eta jaialdiaren berri ematen duten hedabiderik gabe, dokumentalaren hedapena oso mugatua izango litzateke”.

Aurretik filmagintzan eskarmentu bazuen – hark zuzendutako ‘Mendiak 1976’ eta ‘212 Mountains’ pelikulak Mendi Filmeko Sail Ofizialean estreinatu zituen lehenago-, eta halako Beka baten laguntza jasotzearen garrantziaz jabetuta dago. “Uste dut mendiko pelikulek aukera asko dituztela orain, eta beka honek, eta gure pelikularen arrakastak, beste pelikula berri baten abenturari ekiteko bide ematen digu. Jaialdiari eta Bekari oso eskertuta nago. Pertsonei eta mendiei buruzko istorioak kontatzen jarraitzeko irrikitan nago”.