Erakusketaren aurkezpenean, Jabier Baraiazarra (Mendi Film zuzendaria), Yhabril eta Jon Ruigomez (Itsasmuseum zuzendaria)

Bilbo, 2026ko azaroak 10. BBK Mendi Film Bilbao Bizkaiak eta Itsasmuseumek gaur inauguratu dute Yhabril’10 – 10 años de luz, montaña y acción argazki-erakusketa. Hala, abenduaren 4tik 13ra egingo den BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia zinemaldiaren 19. edizioko egitarauari hasiera eman diote.

Nazioartean sona handia duen argazkilari bilbotarra da Yhabril, eta hamar urteko sormen-ibilbidean outdoor munduko erreferenteetako bat bihurtu da. Hark sortutako irudi askok oihartzun handia izan dute sareetan, eta laurogeitik gora sari eskuratu ditu sektoreko lehiaketa ospetsuenetako batzuetan, hala nola CVCEPHOTO eta Illume sariketetan.

Yhabril’10 erakusketak bere hamar urteko ibilbideko argazkirik esanguratsu eta ikonikoenen hautaketa biltzen du. Ekintza-kirolak, fauna basatia eta muturreko paisaiak dira erakusketaren ardatz nagusiak. Mendiaren ikuspegi bisualean barrena egindako ibilbidea proposatzen du, mendia bizi-esparru gisa ulertuta: ahalegina, isiltasuna, arriskua, edertasuna eta kontenplazioa uztartzen diren lekua.

Proiektuak Yhabrilen begirada artistikoa eta argazki bakoitzaren atzean dagoen sormen-prozesua ezagutzeko aukera ematen dio publikoari: plangintzatik eta ingurunea ezagutzetik hasi, argiaren interpretazioraino; baita pertsonekin eta faunarekin eraikitzen duen harremaneraino ere, betiere naturguneekiko errespetua oinarri hartuta. Yhabril mendiarekin eta muturreko inguruneekin sakon lotutako sortzailea da, eta lotura horrek bere lanean nahiz argazkilaritza ulertzeko moduan du isla.

Bere irudien bidez, Yhabrilek naturarekin dugun harremanaren inguruan hausnartzera ere gonbidatzen gaitu. Itsasoak bezala, mendiak ere aparteko edertasuneko agertokiak eskaintzen ditu, baina baita zorrotzak eta aurreikusteko zailak diren inguruneak ere, ezagutza, prestakuntza eta, batez ere, apaltasuna eta errespetua eskatzen dituztenak. Bi inguruneek gogorarazten digute natura ez dela gure jardueretarako eszenatoki hutsa, baizik eta geu ere haren parte garela.

Itsasoa eta mendia paisaia oso desberdinak izan arren, esperientziak, balioak eta ingurunearekin harremantzeko moduak partekatzen dituzte. Lotura horrek aukera ematen dio Itsasmuseumi bere begirada beste kultura- eta arte-adierazpen batzuetara zabaltzeko, kulturari eta gizarteari irekitako espazioa izateko duen bokazioarekin bat etorriz.

Ekimen honek, gainera, Itsasmuseumek eta Mendi Filmek urteotan jarduera eta formatu ezberdinen bidez eraiki duten lankidetza indartzen du, bai eta kultura, abentura eta ingurunearekiko harremana publikoari hurbiltzeko partekatzen duten interesa ere.

Erakusketa 2027ko urtarrilaren 10era arte egongo da ikusgai Carol Iglesias Espazioa aretoan. Bisita doakoa izango da, museoaren ohiko ordutegian: astearteetatik igandera, 11:00etatik 19:00etara.

 

CVCEPHOTO Metro Bilbaon

BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia zinemaldiko bigarren erakusketa bat ere inauguratuko da laster Bilbon, Metroan: CVCEPHOTO mendiko jardueren nazioarteko argazkilaritza lehiaketan aurten sarituak izan diren 20 irudiena.

Azaroaren 16tik abenduaren 15era, formatu handiko paneletan erakutsiko dira argazkiak ondoko geltokietako sarbideetako hormetan: Santutxu (Zabalbide), Eliptikoa (Diputazioa), Santimami (Briñas), Deustu (Lehendakari Agirre) eta Abando (Berastegi); azaroan Destun egongo diren argazkiak, abenduan Abandora eramango dira.