Hautatu hizkuntza
Alishah Farhang
Alishah Farghangek jasoko du 2026ko WOP Mendi Film saria. Atzerrian ikasi eta egoera pribilegiatua izanik ere, bere herriarekiko maitasunak eta konpromisoak bultzatuta, Afganistanera itzultzea erabaki zuen, amets batek gidatuta: gatazkek zigortutako gizarte batean, mendia eta eskia osasuna, aisialdia, zoriontasuna eta genero-berdintasuna sustatzeko tresna bihurtu nahi zituen.
Landa-eremu menditsuetara bizitzeko eta sentitzeko modu berri bat eraman zuen. Hala ere, talibanak boterera itzultzeak herrialdetik alde egitera behartu zuen, bere “iraultzagatik” jo-puntuan jarri baitzuten. Gaur egun, errefuxiatu bat da, zenbaki huts bat, ia anonimoa Europan; bere lurraldera itzuli eta ametsari segida emateko zain dago.
Aitortza honek, zailtasunen gainetik ere, beren komunitatearentzat etorkizun hobe bat irudikatzen eta eraikitzen jarraitzen duten heroi isil horiek omendu nahi ditu. Zenbaitek gailurretara iritsiz uzten dute arrastoa; beste zenbaitek, berriz, goratzen laguntzen dituztenen bizitzetan. Alishah Farghang azken horietako bat da.

Frantzia, 33 min
Zuzendaria: Davina & Sébastien Montaz-Rosset
NAZIOARTEKO ESTREINALDIA
Istorio bakarra, bi patu. Pianista eta biolontxelo-jotzaile bikaina, Arthurrek kontzertu-aretoak atzean utzi eta horma handien eta mendi garaienen bertigoa aukeratu zuen, eskaladaren eta alpinismo modernoaren mugak etengabe zabalduz. Alexandre anaia bikiak, eskalatzaile trebea bera ere, Parisen jarraitu zuen, eta denborarekin bien bideak gero eta gehiago urrundu ziren. Harik eta amets zoro samar batek berriro elkartu zituen arte: mendi enblematiko batera elkarrekin igotzea eta han biolontxeloak jotzea.
Alemania , Espainia , Frantzia , Pakistan, 50 min
Zuzendaria: Tom Dauer
ESTATU MAILAKO ESTREINALDIA
2013-2014ko neguan saiatu zen David Göttler Nanga Parbateko Rupal horma eskalatzen, munduko altuena. Zortzimilako batera neguan egiten zuen lehen espediziora Simone Moro alpinista beterano eta eskarmentudunak gonbidatu zuen. Soka finkoak eta goi-kanpalekuak erabiltzea zen estrategia, baina saialdi batean, David bakarrik abiatu eta 7.200 metroko altuerara iritsi zen. “Horrek begiak ireki zizkidan: dena modu errazagoan, azkarragoan eta eraginkorragoan egin daiteke estilo alpetarrean”. Igoera-estilo tradizionalarekin haustea izan zen bere bide propioari ekiteko eman zuen lehen urratsa.