WOP Mendi Film Sariaren 13. edizioak 2026ko sariduna iragarri du: Sayed Alishah Farhang, Afganistandik ihesi Alemanian bizi den errefuxiatua eta ‘Champions of the Golden Valley’ filmeko protagonista. Film horrek BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia jaialdiko Sari Nagusia eskuratu zuen iaz.

The Walk On Project Fundazioak eta Mendi Filmek bultzatutako sariak saridunaren gizarte-konpromisoa eta balioen transmisioa aitortzen ditu; izan ere, biak ala biak bikain islatzen dira aipatutako filmean.

Sayed Alishah Farhangek bere sorterrian, Bamyanen, mendi-eskiko  txapelketa bat antolatu eta sendotzeko ahalegina egin zuen urte luzez. Gatazkek zigortutako gizarte batean, mendia eta eskia, osasuna, aisialdia, zoriontasuna eta genero-berdintasuna sustatzeko tresna bihurtu nahi zituen.

Olinpiar izateko hautagaia behinola, eski entrenatzailea eta mendi-gidaria ere bada. Hamabi urtez Ski Club Bamyan elkartea koordinatu zuen, eta haren baitan antolatzen zen ‘The Afghan Ski Challenge’ txapelketa. Lehiaketa hark jatorri eta etnia askotako parte-hartzaileak biltzen zituen, emakumeen parte-hartzea sustatzen zuen, gazteen artean ilusioa eta etorkizunerako aukerak pizten zituen, eta haraneko haurrei parte-hartzearen, berdintasunaren eta elkartasunaren balioak helarazten zizkien.

Hala ere, 2021ean talibanek Afganistango gobernuaren kontrola eskuratu zutenean, Sayed Alishah Farhangek herrialdea utzi behar izan zuen emaztearekin eta bi seme-alabekin batera. Alemanian bizi dira, erbesteratuta.

Ben Sturgulewskik zuzendutako eta Estatu Batuetan ekoitzitako ‘Champions of the Golden Valley’ filmak istorio hori guztia ikuspegi zinematografiko apartaz kontatzen du. Tribeca jaialdian estreinatu zen 2024an, eta 50 sari baino gehiago irabazi ditu, tartean 2026ko Emmy nazionala kirol dokumental onenaren kategorian eta 2025eko Mendi Film jaialdiko Sari Nagusia. Nazioarteko Batzorde Olinpikoak filmaren eskubideak eskuratu zituen Milango eta Cortinako 2026ko Neguko Olinpiar Jokoen aurretik, eta gaur egun doan ikus daiteke Olympics.com plataforman.

 

WOP Mendi Film Sariaren ekitaldia abenduaren 12an, larunbatean, egingo da, 17:00etako saioan, Euskalduna Bilbaon. BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia jaialdia 2026ko abenduaren 4tik 13ra bitartean ospatuko da bertan.

 

WOP MENDI FILM SARIAREN PALMARESA

2026: Sayed Alishah Farhang

2025: Catherine Destivelle

2024: Federaciones de Montaña de Euskadi y Navarra

2023: Edurne Pasaban Lizarribar

2022: Eduardo Martínez de Pisón

2021: Sebastián Álvaro

2020: Baltistan Fundazioa

2019: Nives Meroi - Romano Benet

2018: Juanjo San Sebastián

2017: Peter Habeler

2016: Sir Chris Bonington

2015: Josep Manuel Anglada

2014: Drawn